2014/10/31

Agorregi inguruko irteera

Gaur goizean Xabier Alberdi historialari zarauztarrekin txango bat egin dugu Agorregi inguruan. 9:30tan autobusa etorri da gure bila eta Iturrarango sarreran utzi gaitu. Handik gertu txara zuhaitzak mozteko teknika zer den azaldu digu. XV. mende inguruan, Aian 20 bat burdinola zeuden burdina lantzen zutenak, eta bertan 4.000 pertsona inguruk egiten zuten lan. Burdinola horietan egur-ikatz kantitate handiak behar izaten ziren, eta horretarako egur asko moztu behar izaten zuten. Horregatik zuhaitzak mozteko modu bereziak asmatu zituzten.
Xabierrek esplikatu digunez, sekulako industria handia zegoen Aian burdina eta itsasontzigintzaren inguruan: landare-ikatza, burdina, sagardoa, garia, bale-olioa... Hortik garai haietan Aian horrenbeste baserri sortu izana. Izan ere, hainbeste jenderi jaten emateko, eta baita belauntzietan eramateko ere, sagardo, haragi, gazta egin beharko zuten.
Portuak ere baziren Aian: Amazportu, Santikoko Portu, adibidez. Haietatik produktu horiek guztiak bideratzen ziren Orio, Getaria, Zarautza edota Donostiara. 

Gehien harritu gaituena izan da orduan nola zekiten zuhaitzak manipulatzen eta lantzen hauek forma bereziak hartzeko eta, gero, itsasontziak egiteko behar ziren piezak lortzeko. 

Xabierrek kontatu digunez, ulertzeko mende haietan Euskal Herrian teknologian zegoen  aurrerapen maila, egun espazio-ontziak egiteko Estatu Batuetan edo Europan dagoenarekin konparatu genezake.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Oharra: blogeko kideek soilik argitara ditzakete iruzkinak.